2014/04/18

Baztan tokiko garapenetik eraikitzeko urrats berria eman zuten larunbatean



Nolako Baztan nahi dugu? galderari buruz gogoeta egiteko larunbateko lan-saioan bailarako sektore eta adin desberdinetako baztandarrek parte hartu zuten. Arizkunenea kultur etxean egindako ariketan ekarpen interesgarriak biltzeaz gain, bailararen etorkizunari eta norabideari buruz hausnarketak egin ziren. Alde batetik, galdera nagusiari erantzuteko bi azpigaldera landu zituzten: lana eta aberastasuna: nondik jo Baztanen? eta, bertzetik, herriak nola biziarazi? Halaber, Baztanen abian diren ekimenak gogoan harturik, ekimen horiek eta balizko norabide hori bat ote datozen edo zer gabezi dauden gogoetatu zuten. Akitzeko, tokiko garapenean eta tokiko garapenetik eragiteko borondatearekin bailaran antolatzeko beharra ikusi zen eta antolaketa horretarako oinarrizko irizpide batzuk ezarri ziren. Orain, interesa dutenek taldean egindako gogoeta eta irizpideei jarraipena emanen diete, horretarako, lehendabiziko bilera apirilaren 16an eginen dute, Arizkunenea kultur etxean, gaueko 20:00etan.

Larunbateko lan-saioa lehen kontraste ariketa izan zen eta bertaratu ziren 43 lagunek antolatzaileen aurrikuspenak bete zituzten. Gogoeta ariketa parte hartzea errazteko metodologiekin egin zen, talde ttipietan eztabaidatuz eta plenarioetan solastatukoak aurkeztuz.


Aipatzekoa da Nolako Baztan nahi dugu? gogoeta ariketa aitzineko urtean tokiko garapenari buruz egin diren solasaldien segida moduan iritsi dela. Hala 2014. urtean barna Joseba Garmendiak Sakanako Sakantzen sarearen berri eman zuen. Ondotik Pello Otxandianok Otxandioko Herri-ola aurkeztu zuen. Pablo Muñoz eta Jakoba Errekondo tokiko garapenaz eta inguruaren babesaz aritu ziren eta Jaime Izquierdok tokiko garapena eta komunitatearen parte hartzea hizpide izan zituen. 

2014/01/19

TOKIKO GARAPENARI BURUZKO SOLASALDIAK PUBLIKO ARRAKASTA ETA EDUKI INTERESGARRIAK IZAN ZITUEN



TOKIKO GARAPENARI BURUZKO SOLASALDIAK PUBLIKO ARRAKASTA ETA EDUKI INTERESGARRIAK IZAN ZITUEN

Larunbat goizean Elizondon tokiko garapenari buruz egin zen solasaldian, Jaime Izquierdo Vallinak -lurralde garapenean adituak-, landa eremuen garapen iraunkorrari buruzko gogoetak plazaratu zituen. Arizkuneneako sabaia bete zuten 140 lagunen aitzinean bere ikuspegiaren oinarriak aletu zituen, hau da, tokiko garapena eta inguruaren babesa jarduera komun batean nola uztartu. Izquierdoren mintzaldia hasi aitzinean Jakoba Errekondok –tokiko garapenean esperientzia handiko bertze aditu batek- Jaimeren aurkezpena egin zuen. Modu horretan ordu eta erdiko azalpenean, XXI. mendean tokiko garapen proposamen adostu bat nola eraiki gaiaren inguruan aritu zen. Horretarako lurralde garapen prozesuak sustatzeko dauden oinarrizko aldagaiak aletu zituen: tokiko harreman sarea, enpresa sistema, bizitasun kulturala… eta horien arteko elkarekintza eskema proposatu zuen: elkarlanean ari den tokiko enpresen sistema, bertako komunitatea eta gobernantza eredua eta merkatua. Betiere, puntu horretarat iritsi baino lehen Izquierdok bertze hainbat kontu zehaztu zituen. Hasteko, izan ginena, garena, izan nahi duguna eta izan nahi dugun hori nola eginen dugun finkatzea beharrezkoa dela. Modu berean zibilizazio postindustrial baterako prestatuz etorkizuneko jarrerak eta joerak azaldu zituen. Halaber, ekonomia iraunkorra sustatzeko jarduera eremuen berri eman zuen eta landa eremuan ekonomia sustapena eta ikuspegi ekologikoa garatzeko arlo nagusiak azaldu: nekazaritza postindustriala, ekonomiaren dibertsifikazioa, bizitza kalitatea eta ongizate soziala, energia berriztagarrien ekoizpena, lurraldearen zaintza, turismoa eta aisialdi jarduera… Bertzalde, landa eremuek ezagututako krisi demografikoak ere hizpide izan zituen, hiriaren eta landa eremuaren arteko harremanak eta biodibertsitatearen eta baserri kulturaren arteko harremanak.


Galdera-erantzunen txandan eztabaida interesgarria piztu zen eta publikoak proposatutakoari erantzunez Izquierdko eta Errekondok hainbat kontu proposatu zituzten: tokiko eredu agroekologiko historikoa zehaztu beharra dagoela, horren arabera garatu daitezkeen jarduera ekonomiko berriak zein izan daitezkeen zehazteko, ausardia behar dela, eztabaida bulkatu beharra dagoela eta horretarako espazio-irekien dinamikak interesagarriak direla eta, tokiko nekazal eredu bat ere finkatu beharra dagoela.

Solasaldiaren antolaketan Baztango gizarte, ekonomia, kultura eta hezkuntza arloko hainbat elkartek parte hartu zuten: EHNE, Erdiz Bizirik, Elizondoko lanbide eskola, Hiruak Bat landetxeen elkartea, Baztandarren Biltzarra, Jo ala Jo, Barraskiloak kontsumo elkartea eta Bidasoaldeko hazien sarea. Cederna-Garalurrek eta Baztango Udalak saioa babestu zuten.