Tokiko garapenari eta
inguruaren babesari buruzko jardunaldi arrakastatsua
Larunbat goizean Erdiz Bizirikek eta EHNEk Elizondon
antolaturiko tokiko garapenaren eta inguruaren babesari buruzko arialdiak
herritar aunitzen interesa pizteaz gain, goi-mailako adituen eskutik gogoeta
interesgarriak plazaratu zituen.
Modu horretan, alde batetik Pablo Muñozek, Nafarroako Landa
Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio departamenduko Habitat saileko buruak,
ingurua zainduz tokiko garapena sustatzeko dauden babes aukera desberdinak
aipatu zituen. Horretarako Eremu Naturalaren Nafarroako Foru Legearen azterketa
egin zuen; hasteko, inguruaren kontserbazio hutserako dauden figurak aztertu
zituen eta, ondotik, tokiko garapena, biodibertsitatearen zaintza eta bertako
erakundeen parte hartzea ahalbidetzen duten aukerak aztertu zituen; horien
artean, bereziki, Parke Naturalen aukeran sakonduz. Parke naturalen helburua
balore naturalak sustatzea eta ohiko jarduerak garatzea dela erran zuen:
nekazaritza, basogintza, turismoa… Halaber parke bakoitzaren Baliabide
Naturalen Ordenazio Planaren bidez (PORN erdaraz) gainerako jarduerak arautzen
direla adierazi zuen. Nafarroako parke desberdinen inguruan aritu zen eta
kanpora begiratuta Asturiaseko Somiedoko kasua aipatu zuen, non parke naturalak
gainbehera etorritako ingurua biziberritzeko balio izan baituen.
Bertzalde Jakoba Errekondo tokiko baliabideak eta garapena gaiari buruz aritu zen. Jakoba
Nekazaritza Ingieniari Teknikoa da, Paisajista eta Zerain herriko garapen
teknikaria. Zerainen orain hogeita hamar urte luze abiaraziriko tokiko garapen
egitasmoaren esperientzia dute; urratsez urrats, etengabe aitzinerat eraman
dutena. Kontzeptualki Paisaia kulturalaren ideia garatu dute; hala, komunitate
batek –kasu honetan zeraindarrek- egindako paisaia oinarrizko ondare moduan
hartuta, ondare hori alde batetik identitatea eraikitzeko eta bertzetik
etorkizunari aurre egiteko autoestimua emateko baliabide gisa erabili dute.
Horrela Zerain dezagun fundazioaren bidez lehen sektorea eta turismoa elkar
uztartuz eta biak elkar-eraginez bertako baliabideak herri-ikuspegi iraunkor
baten zerbitzurat aktibatu dituzte. Ildo horretan Jakoba Errekondok, edozein
herriren baliabiderik inportanteena jendeak direla azpimarratu zuen. Modu
berean zer ez den nahi garbi izatea arras garrantzitsua dela adierazi zuen eta
dena gure esku dagoela; gure buruetan konfidantza izan behar dugula.
Solasaldien ondotik eztabaida emankorra izan zen eta denera
hiruretan hogei herritar inguru bertaratu ziren.