2014/04/18

BAZTANGO UDALAK NATURA ETA KULTURA BIZIAK PROIEKTUAREN GIDA-MAPA AURKEZTU DU




Baztango Museoaren Kontseilu Errektorean, museoaren funtzioak (hau da, gure ondareak ikertzea, zaintzea eta ezagutaraztea) sendotzeko eta aitzinera eramateko aukerak aztertu eta eztabaidatu ondoren, Baztango ondare naturala eta kulturala lantzen dituzten elkarte eta zerbitzuekin elkarlana bultzatzea eta sinergia sortzea beharrezkoa ikusi zen. Lehen pausoa apirilaren 14an aurkeztu zen gida-mapa diseinatzea izan da.
Gida-mapa honetan museoa ez ezik Baztango ondarea ezagutarazten dituzten zerbitzuen informazio ematen da, baita Baztango informazio orokorra ere (ondare natural babestua, laxoa, Done Jakue Bidea, Batzar Nagusia…). Baztanek daukan ondare naturala eta kulturalaren balio eta dinamikotasunez jakitun, gida-mapari (eta proiektu osoari) paratu zaion izena “Baztan: Natura eta Kultura Bizia” da.
Baina Baztango Udalaren helburua ez da museo baten edo zerbitzu turistiko batzuen “esku-orri” bat diseinatzea bakarrik, baizik eta baita zerbitzu, elkarte eta iniziatiba guzi hauen elkarlana bultzatu eta horrela helburu ezberdinak lortu kultura, turismo, hezkuntza eta tokiko garapenaren alorretan.
Ezaguna denez, Baztango Museoaren eskaintza (hau da, Baztani buruz egiten duen interpretazioa) hiru bildumetan oinarritzen da: bilduma etnografikoa, bilduma megalitikoa eta Javier Ciga margo-bilduma. Ikuspegi zabal batetik, bilduma hauen erakusketa bertze ekitaldi, esperientzia edo bisita kulturalekin osatzea posiblea da Baztanen, eta hori da hain zuzen ere sustatu nahi dutena.
Errate baterako, Baztango Museoan ikus ditzakegu gasna egiteko tresna zaharrak (zimitza, kaikua...) eta Anizko Jauregian ikus ditzakegu baserria, landak, behiak eta gasnategia; gasnaren ekoizpen prozesua ezagut dezakegu Gorramendiko gasnategian ere bai. Sagar-munduari dagokionez, Gamioxarreko dolare barrokoa martxan ikus daiteke, eta Larraldea sagardotegiak eskaintzen duen esperientzia probestu. Berdintsu, taloei dagokienez, Amaiurko eta Etxaideko errotetan eskaintzen diren bisita eta dastaketekin. Eta Baztango eta Nafarroako historiari hurbiltzeko aukera ere badago Amaiurko gaztelu eta Iruritako Jauregiko bisitei esker.
Izan ere, Balleko Etxetik aipatzen dutenez, «zorionez badaude gure bailaran Baztango kultura sustatzen diharduten hainbat elkarte; gure ondare naturala eta kulturala ikertzen, zaintzen eta ezagutarazten aritzen diren elkarteak». Baztango Museoak elkarte hauek egiten dituzten lanak ezagutaraziko dizkio publiko zabalari.
Horrela “Baztan: Natura eta Kultura Bizia” proiektuak Baztango zerbitzuak, museoak, interpretazio-guneak kultura mailan burutzen diren ekitaldiekin lotu nahi ditu, kultura eta hezkuntza bertako herritarrekin batera bultzatu eta sendotzeko.
Baztango museo eta zerbitzu sarearen proiektuaren lehen urratsa da hau. Honekin, eta Turismo Bulegoak lagunduta, kultura eta hezkuntzarekin batera, turismoa eta merkataritza sustatu nahi dituzte, «gure bertako produktuak eta artisauak ezagutaraziz. Izan ere, ezinezkoa da gure gastronomia eta gure produktuak bultzatzea, eta tokiko garapen tradizional eta jasangarria bermatzea, hauek guztiak azaldu eta ezagutarazten ez badira».
Gaur egun Turismo Bulegoa Baztango Museoan bertan kokatuta dago eta gero eta turista gehiago erakartzen ditu. Turista hauek esperientzia autentikoen bila dabiltza, eta zentzu horretan Baztanek eskaintzeko duen guztia erakargarri bihurtzeko ahaleginetan ari dira. Zentzu horretan, “Baztan: Natura eta Kultura Bizia” proiektuaren gida-mapak dauden zerbitzu, bisita eta ekitaldi guzien berri emanen die, informazio-iturri garrantzitsu bilakatuz.
Bertzalde, Baztango Museoan bertan emanen den informazioaz gain, turistak ez ezik, herritar guztiak Baztango elkarteen ekitaldien berri izateko bertze argitalpenak, agenda, web orria eta sare sozialak hasiko dira erabiltzen aurki.

Baztan tokiko garapenetik eraikitzeko urrats berria eman zuten larunbatean



Nolako Baztan nahi dugu? galderari buruz gogoeta egiteko larunbateko lan-saioan bailarako sektore eta adin desberdinetako baztandarrek parte hartu zuten. Arizkunenea kultur etxean egindako ariketan ekarpen interesgarriak biltzeaz gain, bailararen etorkizunari eta norabideari buruz hausnarketak egin ziren. Alde batetik, galdera nagusiari erantzuteko bi azpigaldera landu zituzten: lana eta aberastasuna: nondik jo Baztanen? eta, bertzetik, herriak nola biziarazi? Halaber, Baztanen abian diren ekimenak gogoan harturik, ekimen horiek eta balizko norabide hori bat ote datozen edo zer gabezi dauden gogoetatu zuten. Akitzeko, tokiko garapenean eta tokiko garapenetik eragiteko borondatearekin bailaran antolatzeko beharra ikusi zen eta antolaketa horretarako oinarrizko irizpide batzuk ezarri ziren. Orain, interesa dutenek taldean egindako gogoeta eta irizpideei jarraipena emanen diete, horretarako, lehendabiziko bilera apirilaren 16an eginen dute, Arizkunenea kultur etxean, gaueko 20:00etan.

Larunbateko lan-saioa lehen kontraste ariketa izan zen eta bertaratu ziren 43 lagunek antolatzaileen aurrikuspenak bete zituzten. Gogoeta ariketa parte hartzea errazteko metodologiekin egin zen, talde ttipietan eztabaidatuz eta plenarioetan solastatukoak aurkeztuz.


Aipatzekoa da Nolako Baztan nahi dugu? gogoeta ariketa aitzineko urtean tokiko garapenari buruz egin diren solasaldien segida moduan iritsi dela. Hala 2014. urtean barna Joseba Garmendiak Sakanako Sakantzen sarearen berri eman zuen. Ondotik Pello Otxandianok Otxandioko Herri-ola aurkeztu zuen. Pablo Muñoz eta Jakoba Errekondo tokiko garapenaz eta inguruaren babesaz aritu ziren eta Jaime Izquierdok tokiko garapena eta komunitatearen parte hartzea hizpide izan zituen.